XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erdikaldean Manu Moreno, taldeko jokalariez inguratua.

TAUGRES-Baskonia Gasteizko saskibaloi taldearen entrenatzailea da Manu Moreno.

Serio ikusiko duzue beti, bekozko beltzez, kopetean hiru trabeskako zimurdura dituela.

Irriparre egiten badu, zail da antzematen gainera, bere bizar ugarien arteko ezpainak nekez ikusten zaizkio eta.

Gasteiz aldean jende dexenteren ahotan dabil Manu Moreno azken egunotan.

Aurten, Euskal Komunitate Autonomoaren hiriburuan saskibaloi talde indartsu bat osatu zenaren ustea zeukaten askok eta askok.

Lehengoez gainera, itsasoaz bestaldetik jaiotako pare bat kankailu ekarri zituzten eta mundua jan ez baina horzkada galanta emango ziotela espero zuten.

Gauzak hasieratik aldrebestu zaizkie ordea.

Porrotak garaipenen oso gainetik dituzte.

Eta honelakoetan, badakizue: entrenatzailea hasten da lehenenengo balantzaka.

Grazia egiten du, Cantinflas-en antzeko izendun entrenatzaile honek (beste guztiek ere bai) pistaren ertzean jarri eta gora eta behera, eskuak mugituz eta tximinoen imintzioak egiten hasten denean.

Barregarria da baina ulertzekoa ere bai.

Ogibidea baloi haundi bat uztai txiki txiki batean sartzearen ala ez sartzearen baitan daukanari ezin zaio patxada haundiagorik eskatu.

Kontuak kontu, eta telebista telebista, futbol talde entzutetsu bat ez duen hiriari zerbait falta zaio.

Izaera kolektiboaren euskarria da oraindik ere futbola.

Eta Gasteizen, lastima bada ere Alaves soilik daukagu, behiala glorioso izengoitiz ezaguna eta orain Abetxuko bezalako auzotaldeen kontra edo abizen izena duten Sodupe bezalako taldeen aurka jarduten dena.

Ondorioz, hemen kalean nekez ikusiko dituzu haurrak futbolean.

Guraso naizen aldetik kezkagarri ere bada hori.

Alde batetik, zaletasunik gabe hasteak tristea izan behar duelako, denok izan bait ditugu txikitan Iribar, Sáez, Larrauri edo Zubiarrain, Ormaetxea eta konpainiaren aurpegiz jositako baloirik.

Eta gainera bestalde, laister izen arrarodun jokalari beltzen kromoak kolekzionatu beharko dituztelako.

Eta gainera paga geuk eman beharko diegulako eros ditzaten.